Poloniara egindako bidaia inolako dudarik gabe merezi izan duen esperientzia izan da. Polonia bezalako herrialde desberdin bat ezagutu eta Gasteizen landutako gaiekin alderatuta hain desberdinak diren arloak lantzeaz gain, Europako bazter askotatik etorritako ikaskide onak ezagutzeko aukera aparta izan dugu. Guzti honek IP-a esperientzia aberasgarri bat bilakatzen du. Nahiz eta hasiera batean ikasgai guztiak ingeleraz direla eta gure karreran landu ez ditugun arloak (informatika forentsea edo Linux) ikasten direla jakiteak jarduera zaila izango dela pentsarazi, irakasle eta ikaskideek asko laguntzen zaituzte, izan ditzakezun galdera guztiei erantzunez.
Klaseetaz gain bidaiaren beste alderdi interesgarri bat Polonia bezalako Europako ekialdeko herrialde bat, bere hiriburua den Varsobia eta Zamość hiria (nahiz eta mantentze-lanak egokienak ez izan, bere xarma bazuen) ezagutzeko aukera aparta edukitzea izan da. Gainera, egindako txangoei esker (Lublin, Majdanek...) eta nahiz eta autobusean ordu asko pasa behar izan arren, Poloniako bizimodu eta historia pixka bat ezagutu ahal izan dugu.
Bukatzeko, nabarmendu beharrekoa da ikaskideen artean, portuges eta Leuven-eko belgikarrekin batez ere, zegoen giro bikaina, zeinak behin klaseak bukatuta, egun batzutan elkarrekin afaltzera joan edo beste askotan Zywiec poloniarra gozatzera joateko aukera posible egin zuen.
Egunero izaten ez den aukera horietako bat da, alde guztietatik ikasteko aukera ematen dizuna, bai alde pertsonalean baina baita akademikoan ere. Nahiz eta hasieran hizkuntza muga bat izan daitekeela pentsatu, oztopo hori berehala desagertzen da, gainontzeko ikaskideekin inolako arazorik gabe harremanetan jarri eta bertako kultura eta ohiturak ezagutzen dituzularik. Bestela bisitatuko ez zenukeen herrialde bat ezagutzeko aukera ere ematen du.
Gelan dagoen giro onaz gain, benetan interesgarriak diren Linux eta informatika forentsearen inguruan duzun jakintza handitzeko aukera oso on bat da.
Hitzekin deskriba ezin daitekeen eta bizi beharreko esperientzia bat da.
Polonian IP-ak iraun zituen 2 asteetan bizitako esperientzia oso atsegingarria izan da, ez akademikoki ikasitakoagatik bakarrik, baita giza-harremangatik ere.
Polonia, bere kultura, bertako jendea eta bertako toki esanguratsu batzuk ezagutzea esperientzia oso aberasgarria izan zen, herrialde europar bat izan arren, desberdintasunak bitxi eta interesgarriak baitziren.
Egitaraua oso ongi antolatuta zegoen, goizetan klase teorikoak genituen eta bazkaldu ondoren praktika zetorren. Egunero gainontzeko ikasle europarrekin harremanak sustatzeko asmoz ekintza bat antolatuta zegoen, nahiz eta guztiz beharrezko ez izan, giroa bikaina baitzen. Lehen astetik talde oso sendoa sortzea lortu genuen, ez gainontzeko ikasleekin bakarrik, baita irakasle eta programa antolatzen zutenekin ere.
Animo hurrengo urtean plaza bat lortzeko izena ematea pentsatzen ari denari, dudarik gabe, ez da damutuko. Klaseak oso interesgarri eta emankorrak dira eta arazoren bat izanez gero lagundu egiten dizute gauzak errazago egiteko. Beste herrialdeetako ikasleak ezagutzeko aukera ere kontuan hartzeko zerbait da, zure ingelera praktikatu eta hobetzeko aukeraz gain lagun onak egingo dituzu ziur.
Poloniara egindako bidaia nire bizitzako esperientziarik onenetariko bat izan da, bai pertsonalki eta bai akademikoki.
Hasieran klase guztiak ingelesez izatearen ikara neukan, eta are gehiago, herrialde ezberdineko lau pertsonetako taldeetan jarri behar ginela jakitean. “Eta ez badut ezer ulertzen?” pentsatzen nuen. Baina ez zen egon inolako arazorik, giroa oso ona baitzen.
Batzuetan, Linux ondo erabiltzen ez genekienez, galdu egiten ginen, baina guztiak zeuden prest guri laguntzeko, bai ikasleak eta baita irakasleak. Hala ere, hurrengo IPan sartu nahi duenari, Linuxi buruz zerbait jakitea gomendatzen diot.
Klaseetaz gain, egunero egiten genituen ekintza batzuk edota turismo pixka bat egitera joaten ginen poloniar kultura ezagutzeko eta IPan geundenon arteko harremana sustatzeko. Dena den, horretaz gu arduratzen ginen gauetan.
Honekin guztiarekin esan nahi dudana da, edozein programa trinkotan parte hartzeko aukera baldin badaukazue, alferrik ez galtzeko. Asko ikasiko duzue eta lagun onak egingo dituzue.